derzu-k publikatua | 2010/11/26

Milimetro

Lau hilabete eta gero banuen idazteko gogoa, eta gaur bi aitzakia ditut. Lehena denbora libre apur bat gehiago daukadala gaurtik aurrera; bigarrena, Diario Vascok Donostialdeko metroari buruzko enegarren albistea edo hipotesia edo fabula edo okurrentzia dakarrela gaur. Ez naiz gehiegi luzatuko (bota nituen proposamen batzuk aurreko batean), baina artikuluaren irudia ikusi bezain laster gaztelerazko esaldi batez gogoratu naiz: “de aquellos fangos estos lodos”.

Aquellos fangos, zehazki, AHTa eta autobus geltoki berria Atotxan (kalzadorearekin) sartzekoa erabakia izan zen, nire ustez, logika ororen kontra zihoan hautua. Loiolako Erribera askoz leku aproposagoa da, bai mugikortasun arrazoiengatik (topoa, renfe eta autobideak bat egiten duten puntua izanik) bai eta espazio arrazoiengatik ere. Arazoa nagusia da Riberas Donostiatik oso urruti dagoela; Donostia, denok dakigun bezala, laugarren zubian amaitzen delako.

Estos lodos, bitartean, 3 geltokiko adar txatxu hori da. Oso begibistakoa iruditzen zait okurrentzia berri honek agerian uzten duen inprobisazioa eta planeamendu eza. Herenegun konturatuko ziren, akaso, AHTa eta autobusak Atotxan geratuko badira, metroa edo denadelako zera hori ere hortik pasa beharko dela. Norbaitek, orduan, luzatzeko inolako aukerarik ez duen adartxo hori marraztuko zuen serbileta batean, Gehryk Guggenheima imaginatu zuen modu berean, baina serie B estiloan.

Halakoak irakurritakoan, ezinbestean datorkit burura The Simpsons-en Mono-Rail atal famatua: … Mono Ra… ouch!

 

derzu-k publikatua | 2010/07/27

BSS

Joan den astelehenean Bernardo Atxagaren hitzez oroitu nintzen. Hark idatzi zuen behin gustatuko litzaiokeela probintzialismoak sortzen dituen desekonomiak eta deskudeaketak zehatz eta mehatz azaldu, eta adibidez, ondorengoa esatea:

“Probintzialismoak %32 jaitsi du euskal unibertsoaren sinergia. Leku batzuetan, Bilbon kasu, beherakada hori nabarmena da, gune erdalduna baita irrati zein telebista publikoarentzat. Nabarmena da, baita ere, Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko harreman kulturalaren ahulezia, bere indizea 3,2tik pasatzen ez dela. Izanez ere, ez da Hegoaldeko eskoletan ezer erakusten Iparraldekoaz”.

Arquitecturas Colectivas jardunaldietan gogoratu nintzen hortaz, Pasaiako badiari buruz hizketan, norbaitek Lurralde Historikoen Legea aipatu zuenean euskal gerapenkeriaren arrazoietariko bat bezala. Laburki esanda, Diputazioek zergak biltzeko duten gaitasuna dela eta probintzia bakoitzak hainbat azpiegiturari uko egitea galerazten du sistematikoki, Euskal Herri  mailako azpiegitura bat izateak probintzia bera aberasten baitu batik-bat Euskal Herria (edo EAE) beharrean. Tecnaliaren egoitzaren ika-mika da egoera honen enegarren adibidea. Honekin bat, probintziako hainbat lobby (Diario Vasco, Gipuzkoa Aurrera, Adegi) azpiegituren bandera astintzen hasi dira berriro, Gipuzkoak aireportu itxurosoa eduki izan balu ez zela halakorik pasako, eta portua, eta AHT, eta mar mar mar.

Ez naiz posizio ludisten jarraitzaile, baina beldur diot hainbat jendek azpiegituren gaia aztertzeko darabilen arinkeriari. Los guipuzcoanos somos vascos de segunda; Odón, monta un aeropuerto en condiciones eta abar Diario Vascoren foroan. Bernardo Atxaga atzean utzi eta Erasmus urteaz gogoratu nintzen orduan, eta nola han inguruan bazen aireportu bat, Maastricht-Aachen Airport. Aireportu bat, bi hiri handi, hiru herrialde (Belgika, Herbehereak, Alemania) eta euroeskualde bat. Eta zera pentsatu nuen, ditxosozko Euskal Hiriaren kontzeptuak lagun gaitzakeela zeregin horretan, eta sor genezakeela, demagun,  BSS Biarritz San Sebastian (Euskal Herriko Aireportua – Aéroport du Pays Basque – Aeropuerto del País Vasco).

Eta Hondarribiako aireportuarekin zer egin? Eraitsi eta Txingudiko badia babestu eta antolatzen jarrai genezake; Euskal Hiriari mesede egingo liokeela, hori ziur.

derzu-k publikatua | 2010/07/15

Mezu humanoak

Lagun bat eta biok askotan mintzatu izan gara bozgoragailuetako mezu sonoro eta makinetako mezu idatziez, zuzenegiak ez ote diren. Zuzenak dira mezua modu direktoan botatzen dutelako, baina politikoki zuzenegiak ere, aspergarriak eta ez oso humanoak. Metroan “está terminantemente prohibido bajar a la zona de vías” esaten du behin eta berriz ahots perfektu batek, ahoskera are perfektuagoan; guk nahiago halako mezu bat imaginatu: “bajar a las vías no está prohibido, pero, vamos, que allá usted”, ironia punttu batekin. Edo kutxazain automatikoetan “saldo insuficiente para gestionar la operación” esaten dutenean “no tienes un misero duro, pídeselo a tu madre” esango balute jendeak irrifarre gehiago lukeela, gizartearen per capita zoriontasun indizea igoaz.

Ba hara non, Firefoxa gaizki itxi aurreko batean, ondorengo mezua azaldu zitzaidan programa berrabiarazi nuenean:

Irrifarre egin nuen, eta pentsatu: ea Donostiako hondartzetan ikasten duten…

derzu-k publikatua | 2010/06/28

la retallada final

Eta zer da garrantzitsuena, zati handiena onartzea ala zati txiki bat (zati txiki hori) ez onartzea?

La Vanguardia: “El TC avala la mayor parte del Estatut pero recorta 15 artículos”

El Punt – Avui: “El TC esmana el poble”

El Periódico de Catalunya: “El Constitucional logra dictar sentencia sobre el Estatut”

Vilaweb: “El TC consuma la retallada final de l’estatut”

Berria: “Auzitegi Konstituzionalak ontzat jo du Kataluniako Estatutua, baina murrizketa garrantzitsuak eginda”

El País: “El Constitucional refrenda la mayor parte del Estatuto de Cataluña”

derzu-k publikatua | 2010/06/23

Etxebizitza, ikerketa eta ezintasun-triangelu bat

Izenburu hauxe du UEUk argitaratzen duen Aldiri. Arkitektura eta abar aldizkariaren 1 alean (Babes Ofizialeko Gizartea) idatzitako artikuluak. 2 alea (Kosta ahala Kosta) kalean da jada, hainbat liburudendatan eta harpidetza bidez eskuragai, bai eta Aldiri blogean bertan ere hilabete batzuren buruan.

Etxebizitza, ikerketa eta ezintasun-triangelu bat

Karrerako hirugarren urtea izango zen, Proiektuak irakasgaiean etxebizitzaren inguruko hainbat liburu irakurtzea egokitu zitzaigunean: La Buena Vida1, Casa Collage2 eta La Vivienda Contemporánea3, besteak beste.

Etxebizitzaren eboluzioan zeresana eman duten hainbat adibide ezagutu nituen orduan; ikerketa serioen emaitza gehienak, baina baita bote lasterreko adibide bikainen bat edo beste ere. Orduan ezagutu nituen izenik gabeko gela4, Nakagin kapsula-dorrea5 edota Andy Warhol eta bere tribuaren loft newyorkarra.

Gizartearen bizimoduaren islada den heinean, etxebizitza da arkitektoen kezketariko bat maila teorikoan, praktikan aurrera eramatea kosta egiten den kezka.

Izan ere, ez dira gutxi etxebizitzaren behar berrien inguruan lan egiten duten kolektiboak (urrutira joan gabe, Donostiako Arkitektura Eskolako M-etxea), baina azpimarragarria da ikerketa hauek guztiak benetako etxebizitza eraiki batean borobiltzeko zailtasuna. Itxitura-berrikuntzak albo batera utzita, etxebizitza formatua apenas aldatu da. Hausnarketak bideragarriak diren ikusteko beharrezkoa da ikerketa hauek eskala errealera eramatea, egoera errealean eta pertsona errealekin; baina orduan, asmo onek errealitatearen inertziaren horman egiten dute talka.

Baina nola azaldu ezintasun hau? Triangelu baten modura adierazi daiteke, non arazoaren hiru erpinetan kokatu ahal ditugun administrazioa alde batetik, sustatzaile pribatuak bestetik, eta gizartea bere osotasunean, azkenik.

Azken erpinetik hasita, herritarrok etxebizitzari buruz ditugun usteak ulertzea ezinbestekoa da. Carme Trilla ekonomilaria da, bai eta Kataluniako Etxebizitza eta Ingurumen saileko idazkaria ere. Haren esanetan, gizarteak “etxebizitza inbertsio-ondasun gisa ulertzen du erabilpen-ondasun moduan baino; merkatu libre hegemoniko batek kontrolatua, esku publikotan egon beharrean; (…) etxebizitza babestuen politika ahul bat somatzen du, non etxebizitza eskuragarria ez den eskubide bat, zorte kontua baizik”.

Lehengo esaldia sintomatikoa da: Eustat-en datuen arabera, EAEko etxebizitzen %5a baino ez dago alokairuan. Alemanian portzentaia halako hamar da. Etxebizitza etengabe baina pixkanaka ordaindu behar den zerbitzu gisa uler badaiteke ere, errentagarritasuna eta segurtasuna ematen duen ondasun izatera pasa da (ordaintzen bukatu ostean, beti ere). Ikuspegi honek halako kontserbadurismo batera garamatza, eta begibistakoa da nekez onartuko ditugula onura garbirik gabeko esperimentuak, ondorioak betirako diren heinean. Ondoriozta daiteke, beraz, alokairua dela, eta ez jabetza, etxebizitza modu dinamikoan ulertzeko ukantza modu onena, eta ondorioz, eboluzio jarrai bat lortzeko bidea.

Erabiltzaileen jarrera esandako hau bada, erraz uler daiteke sustatzaile pribatuen berrikuntzarako gogo eskaxa. Hala ere, paradoxikoa da I+G+b politikak ahoz aho dabiltzan garaiotan etxebizitzaren industriak duen inertzia atzerakoi hau, eta suposatzekoa da utzikeria hau ez zaiela merke aterako epe ertain edo luzera.

Baina zein da administrazioaren papera etxebizitzaren ikerketaren arloan? Babes ofizialeko etxebizitzei (BOE) dagokionez, ukaezina da azken urteotan izugarri eraiki dela, baina ukaezina da ere jabetzako BOEei eman zaiela lehentasuna. EAEn alokairu babestua etxebizitza parke osoaren %2ra ere ez da iristen. Herbeeretan portzentaia halako hogei da.

Ez dut sakonduko jabetzako etxebizitza babestuek eragin ditzaketen bidegabekerietan: eskubidea zorte kontua bilakatzea, esleipena berrikusi ezin ahal izatea, edo urte batzuen buruan etxebizitzok merkatu librera pasatzea. Diodana zera da, alokairua bada ikerketa jarraia sustatzeko modurik onena (bai eta etxebizitza-beharrari erantzuteko modu justuena ere), administrazioak ez duela ikerkuntza ahalbideratuko duen aldaketa kultural hori bultzatzen.

Izan ere, idazten ari den honek uste du alokairuko etxebizitza babestuen alorrean dagoela etxebizitzaren ikerketan aurrera egiteko gakoa.

Arrazoietariko bat alokairuaren alde apostu egiten duen giza-segmentu nagusia da, gazteria, alegia: alokairuan bizi direnen bataz-besteko adina jabetzan bizi direnena baino baxuagoa da, eta gazteak dira, baita ere, alokairua begi hoberenez ikusten duen giza-taldea. Gazteria, definizioz, tamaina zein kokaleku-behar aldetik aldakorragoa da (eta horrek erabiltzaile errotazioa esan nahi du), eta irekiagoa da, printzipioz, aldaketa kulturalek etxebizitza-esparruan eragin beharko lituzketen aldaketen aurrean.

Bigarren argudio bat legediaren malgutasunaren ingurukoa da. Etxebizitzen irudia, tamaina, gela kopurua eta abar luze bat legediak finkatzen ditu, oso modu zurrunean. Ulergarria da, administrazioak bizigarritasun-baldintza egokiak bermatu behar baititu sustatzaile pribatuen balizko gehiegikerien beldur. Hala, administrazioak berak sustaturiko etxebizitzetan kezka hau desagertuko litzateke, eta beraz, baldintza malguagoz, kontzeptu berriak ikertzeko moduko baremo berri baten bidez neur liteke etxebizitzaren bizigarritasuna.

Azkenik, beharrezkoa deritzot ere etxebizitza babestu hauek eraikuntza berriko auzuneetara muga ez daitezen (Gendulain proiektuaren gisara, Nafarroan), ghettoak ekidin eta kontestu aukera ezberdinak lortze aldera. Horren harira, interesgarria da Kataluniako etxebizitza-eskubidearen inguruko legea6, etxebizitza babestuak hiri-lurzoru kontsolidatuan ere txertatzeko derrigortzen baitu.

Baina alokairua alokairu, esango nuke etxebizitza bera ulertzeko kultura aldaketa dela falta zaiguna, ezer baino lehen. Sektore publikoak etxebizitza eskubide gisa ulertu beharko luke, eta gizarteak erabilpen-ondasun gisa inbertsio moduan baino. Nago hau lortzen dugun arte ez garela gai izango etxebizitzaren gaineko aldaketa sakonik onartzeko.

1 Iñaki Ábalos, 2000
2 Xavier Monteys eta Pere Fuertes, 2001
3 Ignacio Paricio eta Xavier Sust, 1998
4 Tomorrow’s House, Georges Nelson eta Henry Wright, 1945
5 Kisho Kurokawa, 1972
6 Llei pel Dret a l‘Habitatge, Conselleria de Medi Ambient i Habitatge de Catalunya, 2007
derzu-k publikatua | 2010/06/03

Zirkulu itxia

Egunkarian irakurri berria, Jaurlaritzak ez dituela zigortuko hizkuntza eskubideak urratzen dituzten saltokiak, edo Vocentoren bertsioaren arabera, euskara erabiltzen ez duten saltokiak, kontua erabilera balitz bezala, erabiltzeko aukera ematea beharrean.

Errealitate soziolinguistikoak horretarako aukera eman arte, ordurarte itxarongo du Jaurlaritzak isunak jartzen hasteko. Aldatu nahi ez duten errealitatea, gehituko nuke nik. Izan ere, modu oso sutilean itxi dute zirkulua, begibistakoa baita errealitate soziolinguistikoa aldatzeko batere gogorik ez dutela, kontrako norantzan egiten dutela lan, eta hipotesi hori, hau da, errealitate soziolinguistikoak isunak jartzea ahalbideratzearen hipotesia, sekula ez litzatekeela gertatuko haiengatik balitz.

Vocentoren foro probintzianoa sutan dago, hooligan elebakarren marmar artean. Kontua ez da auzoko harakinari zerbitzua euskaraz eman dezan behartzea, baina hara non, harakinari ez zaizkion eman hainbat enpresa handiri eman zaizkion erraztasunak. Eroski, Decathlon, Carrefour, IKEA… haien kokapena administrazioarekin aurrez aurre adostu ahal izan dute (administrazioaren gonbita-dei zuzena jaso ez dutenean), eta opari paperean bilduta eskaini zaizkie San Martingo merkatua FNAC eta Inditex-i; Garbera Forum, AKI eta Eroskiri; eta Barakaldoren lau heren Decathlon, IKEA, Media Markt eta antzekoei. Atzean dagoen estrategia komertzialean sartu gabe, begibistakoa dirudi erraztasunak eman zaizkien enpresa hauei betebehar batzuk ere eskatzea, eta are begibistakoa betebehar horien artean zerbitzua euskaraz ematearena egotea.

Aitonak esaten duen bezala, nadie da duros a pesetas. Ez gaitezen gu izan, lehenak.

derzu-k publikatua | 2010/06/01

Incidente (grave)

Astelehena, maiatzaren 31a, gaueko hamaikak aldera. Telebistan Hoy, CNN+ katean, Iñaki Gabilondok gidatua. Mahai gainean, Israelen eraso bortitza Gazara zihoan laguntza ontziari, hamar erahildako tarteko. Eta hara non, hitzek ongiaren eta gaizkiaren (ongia eta gaizkia ofiziala, alegia) arteko muga definitzen duten edo definitzen dutela esan diguten garaiotan, Iñaki Gabilondok berak Incidente (grave) esan zion atzo gertatutakoari, oreka anbiguo bati eutsi nahian-edo. Are gehiago, bere mahaikideak movimiento innecesario de Israel hitzak erabili zituen, ilegalki okupatua eta blokeo egoeran dagoen lurralde batera laguntza zeramaten horien erahilketa definitzeko.

Gutxiagogatik dago jendea gartzelan, oreka anbiguo bati eutsi nahian-edo.

derzu-k publikatua | 2010/05/03

Patxibusa

Ilunabar batean, Goizargiko enparantzan, Patxi izeneko gizon bat azaldu zen bizikletan, atzetik txakur txiki bat zuela. Ez etxe eta ez lan, han zebilen batetik bestera eskale baten pare. Herri hartako neska-mutil batzuek, gizon haren egoeraz errukiturik, Patxiri laguntzea erabaki zuten. Oso pertsonaia bereziak ageri dira liburu honetan: Baxilio, Pintulio, Don Bixente, Makino, Lorelin, Burruntzio…

Hala dio Patxibusa liburuaren erreseinak, txikitan, ikastolan irakurri genuen lehen liburuetarikoa, eta nire lehengo liburu bezala aipatuko nukeena lehenago seguruenik baten batzuk egongo ziren arren. Gaur, euri tanta potoloek hiria blai esnarazi duten astelehen triste honetan, Joxean Ormazabal idazlea zendu dela irakurri berri dut. Gaur, hilak 3, autobus oro da Patxibusa.
derzu-k publikatua | 2010/04/20

Odolkiak ordainetan

Hori pentsatu nuen Eyjafjallajoekull sumendia eragiten ari den kaosaren inguruan. Birtualki biluzten gaituzte, ukitzen, terroristak ez garela sinatzea derrigortzen, ilara amaitezinak eta atzerapen lotsagarriak sufritzera behartzen, umiliatzen. Baina nahikoa izan da Islandiako sumendi baten ke zikina (hegazkinak garbiak balira bezala!) hori guztia bat-batean gelditzeko.

Esnatzear dagoen bigarren sumendiaren esperoan, informationisbeautiful web orriarekin egin dut topo, non sumendiak isuri duen CO2 kopurua hegazkinek jaurtikiko luketenarekin konparatzen duten, infografia polit honen bidez.

Tranpa agerikoa da, ordea, kontatu gabe gelditzen baitira 2.000€ko ibilbideak egiten dituzten taxiak…

derzu-k publikatua | 2010/04/18

Eskailera

Bartzelonako euskal etxeak, UAB eta UBk Literaldia euskal literatura zikloa antolatzen dute urtero, eta antolaturiko hitzaldi batean Harkaitz Cano-k zera esan zuen (eta hark esaten badu egia delako da, beharbada, agian): “eskailera da existitzen den elementu zinematografikoena”. Ez dut nik kontrakoa esango, blog honi irudia ematen dion eszenari erreparatzea besterik ez baitago esandakoarekin guztiz ados nagoela frogatzeko.

Hitzaldian zinea, literatura eta beste hainbat “arte funerariori” buruz aritu zen, eta bertan Julio Cortázar idazlea ere aipatu zuen (nik G letraz idazten dudan modu berean idazten du Juliok con C y tilde). Aipatu ez zuena idazleak berak eskailerari eskaini zion testu bikaina izan zen, Historias de Cronopios y de famas liburuan.

Instrucciones para subir las escaleras:

Nadie habrá dejado de observar que con frequencia el suelo se pliega de manera tal que una parte sube en ángulo recto con el plano del suelo, y luego la parte siguiente se coloca paralela a este plano, para dar paso a una nueva perpendicular, conducta que se repite en espiral o en línea quebrada hasta alturas sumamente variables. Agachándose y poniendo la mano izquierda en una de las partes verticales, y la derecha en la horizontal correspondiente, se está en posesión momentánea de un peldaño o escalón. Cada uno de estos peldaños, formados como se ve por dos elementos, se situá un tanto más arriba y adelante que el anterior, principio que da sentido a la escalera, ya que cualquiera otra combinación producirá formas quizá más bellas o pintorescas, pero incapaces de transladar de una planta baja a un primer piso.

Las escaleras se suben de frente, pues hacia atrás o de costado resultan particularmente incómodas. La actitud natural consiste en mantenerse de pie, los brazos colgando sin esfuerzo, la cabeza erguida aunque no tanto que los ojos dejen de ver los peldaños inmediatamente superiores al que se pisa, y respirando lenta y regularmente. Para subir una escalera se comienza por levantar esa parte del cuerpo situada a la derecha abajo, envuelta casi siempre en cuero o gamuza, y que salvo excepciones cabe exactamente en el escalón. Puesta en el primer peldaño dicha parte, que para abreviar llamaremos pie, se recoge la parte equivalente de la izquierda (también llamada pie, pero que no ha de confundirse con el pie antes citado), y llevándola a la altura del pie, se le hace seguir hasta colocarla en el segundo peldaño, con lo cual en éste descansará el pie, y en el primero descansará el pie. (Los primeros peldaños son siempre los más difíciles, hasta adquirir la coordinación necesaria. La coincidencia de nombre entre el pie y el pie hace difícil la explicación. Cuídese especialmente de no levantar al mismo tiempo el pie y el pie).

Llegando en esta forma al segundo peldaño, basta repetir alternadamente los movimientos hasta encontrarse con el final de la escalera. Se sale de ella fácilmente, con un ligero golpe de talón que la fija en su sitio, del que no se moverá hasta el momento del descenso.

Atzekoz aurrera nola igo jakiteko, haren hitzetan ere:

escalerareves.mp3

Post zaharragoak »

Atalak

Follow

Get every new post delivered to your Inbox.