derzu-k publikatua | 2010/06/23

Etxebizitza, ikerketa eta ezintasun-triangelu bat

Izenburu hauxe du UEUk argitaratzen duen Aldiri. Arkitektura eta abar aldizkariaren 1 alean (Babes Ofizialeko Gizartea) idatzitako artikuluak. 2 alea (Kosta ahala Kosta) kalean da jada, hainbat liburudendatan eta harpidetza bidez eskuragai, bai eta Aldiri blogean bertan ere hilabete batzuren buruan.

Etxebizitza, ikerketa eta ezintasun-triangelu bat

Karrerako hirugarren urtea izango zen, Proiektuak irakasgaiean etxebizitzaren inguruko hainbat liburu irakurtzea egokitu zitzaigunean: La Buena Vida1, Casa Collage2 eta La Vivienda Contemporánea3, besteak beste.

Etxebizitzaren eboluzioan zeresana eman duten hainbat adibide ezagutu nituen orduan; ikerketa serioen emaitza gehienak, baina baita bote lasterreko adibide bikainen bat edo beste ere. Orduan ezagutu nituen izenik gabeko gela4, Nakagin kapsula-dorrea5 edota Andy Warhol eta bere tribuaren loft newyorkarra.

Gizartearen bizimoduaren islada den heinean, etxebizitza da arkitektoen kezketariko bat maila teorikoan, praktikan aurrera eramatea kosta egiten den kezka.

Izan ere, ez dira gutxi etxebizitzaren behar berrien inguruan lan egiten duten kolektiboak (urrutira joan gabe, Donostiako Arkitektura Eskolako M-etxea), baina azpimarragarria da ikerketa hauek guztiak benetako etxebizitza eraiki batean borobiltzeko zailtasuna. Itxitura-berrikuntzak albo batera utzita, etxebizitza formatua apenas aldatu da. Hausnarketak bideragarriak diren ikusteko beharrezkoa da ikerketa hauek eskala errealera eramatea, egoera errealean eta pertsona errealekin; baina orduan, asmo onek errealitatearen inertziaren horman egiten dute talka.

Baina nola azaldu ezintasun hau? Triangelu baten modura adierazi daiteke, non arazoaren hiru erpinetan kokatu ahal ditugun administrazioa alde batetik, sustatzaile pribatuak bestetik, eta gizartea bere osotasunean, azkenik.

Azken erpinetik hasita, herritarrok etxebizitzari buruz ditugun usteak ulertzea ezinbestekoa da. Carme Trilla ekonomilaria da, bai eta Kataluniako Etxebizitza eta Ingurumen saileko idazkaria ere. Haren esanetan, gizarteak “etxebizitza inbertsio-ondasun gisa ulertzen du erabilpen-ondasun moduan baino; merkatu libre hegemoniko batek kontrolatua, esku publikotan egon beharrean; (…) etxebizitza babestuen politika ahul bat somatzen du, non etxebizitza eskuragarria ez den eskubide bat, zorte kontua baizik”.

Lehengo esaldia sintomatikoa da: Eustat-en datuen arabera, EAEko etxebizitzen %5a baino ez dago alokairuan. Alemanian portzentaia halako hamar da. Etxebizitza etengabe baina pixkanaka ordaindu behar den zerbitzu gisa uler badaiteke ere, errentagarritasuna eta segurtasuna ematen duen ondasun izatera pasa da (ordaintzen bukatu ostean, beti ere). Ikuspegi honek halako kontserbadurismo batera garamatza, eta begibistakoa da nekez onartuko ditugula onura garbirik gabeko esperimentuak, ondorioak betirako diren heinean. Ondoriozta daiteke, beraz, alokairua dela, eta ez jabetza, etxebizitza modu dinamikoan ulertzeko ukantza modu onena, eta ondorioz, eboluzio jarrai bat lortzeko bidea.

Erabiltzaileen jarrera esandako hau bada, erraz uler daiteke sustatzaile pribatuen berrikuntzarako gogo eskaxa. Hala ere, paradoxikoa da I+G+b politikak ahoz aho dabiltzan garaiotan etxebizitzaren industriak duen inertzia atzerakoi hau, eta suposatzekoa da utzikeria hau ez zaiela merke aterako epe ertain edo luzera.

Baina zein da administrazioaren papera etxebizitzaren ikerketaren arloan? Babes ofizialeko etxebizitzei (BOE) dagokionez, ukaezina da azken urteotan izugarri eraiki dela, baina ukaezina da ere jabetzako BOEei eman zaiela lehentasuna. EAEn alokairu babestua etxebizitza parke osoaren %2ra ere ez da iristen. Herbeeretan portzentaia halako hogei da.

Ez dut sakonduko jabetzako etxebizitza babestuek eragin ditzaketen bidegabekerietan: eskubidea zorte kontua bilakatzea, esleipena berrikusi ezin ahal izatea, edo urte batzuen buruan etxebizitzok merkatu librera pasatzea. Diodana zera da, alokairua bada ikerketa jarraia sustatzeko modurik onena (bai eta etxebizitza-beharrari erantzuteko modu justuena ere), administrazioak ez duela ikerkuntza ahalbideratuko duen aldaketa kultural hori bultzatzen.

Izan ere, idazten ari den honek uste du alokairuko etxebizitza babestuen alorrean dagoela etxebizitzaren ikerketan aurrera egiteko gakoa.

Arrazoietariko bat alokairuaren alde apostu egiten duen giza-segmentu nagusia da, gazteria, alegia: alokairuan bizi direnen bataz-besteko adina jabetzan bizi direnena baino baxuagoa da, eta gazteak dira, baita ere, alokairua begi hoberenez ikusten duen giza-taldea. Gazteria, definizioz, tamaina zein kokaleku-behar aldetik aldakorragoa da (eta horrek erabiltzaile errotazioa esan nahi du), eta irekiagoa da, printzipioz, aldaketa kulturalek etxebizitza-esparruan eragin beharko lituzketen aldaketen aurrean.

Bigarren argudio bat legediaren malgutasunaren ingurukoa da. Etxebizitzen irudia, tamaina, gela kopurua eta abar luze bat legediak finkatzen ditu, oso modu zurrunean. Ulergarria da, administrazioak bizigarritasun-baldintza egokiak bermatu behar baititu sustatzaile pribatuen balizko gehiegikerien beldur. Hala, administrazioak berak sustaturiko etxebizitzetan kezka hau desagertuko litzateke, eta beraz, baldintza malguagoz, kontzeptu berriak ikertzeko moduko baremo berri baten bidez neur liteke etxebizitzaren bizigarritasuna.

Azkenik, beharrezkoa deritzot ere etxebizitza babestu hauek eraikuntza berriko auzuneetara muga ez daitezen (Gendulain proiektuaren gisara, Nafarroan), ghettoak ekidin eta kontestu aukera ezberdinak lortze aldera. Horren harira, interesgarria da Kataluniako etxebizitza-eskubidearen inguruko legea6, etxebizitza babestuak hiri-lurzoru kontsolidatuan ere txertatzeko derrigortzen baitu.

Baina alokairua alokairu, esango nuke etxebizitza bera ulertzeko kultura aldaketa dela falta zaiguna, ezer baino lehen. Sektore publikoak etxebizitza eskubide gisa ulertu beharko luke, eta gizarteak erabilpen-ondasun gisa inbertsio moduan baino. Nago hau lortzen dugun arte ez garela gai izango etxebizitzaren gaineko aldaketa sakonik onartzeko.

1 Iñaki Ábalos, 2000
2 Xavier Monteys eta Pere Fuertes, 2001
3 Ignacio Paricio eta Xavier Sust, 1998
4 Tomorrow’s House, Georges Nelson eta Henry Wright, 1945
5 Kisho Kurokawa, 1972
6 Llei pel Dret a l‘Habitatge, Conselleria de Medi Ambient i Habitatge de Catalunya, 2007

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Change )

Connecting to %s

Atalak

Follow

Get every new post delivered to your Inbox.