Lau hilabete eta gero banuen idazteko gogoa, eta gaur bi aitzakia ditut. Lehena denbora libre apur bat gehiago daukadala gaurtik aurrera; bigarrena, Diario Vascok Donostialdeko metroari buruzko enegarren albistea edo hipotesia edo fabula edo okurrentzia dakarrela gaur. Ez naiz gehiegi luzatuko (bota nituen proposamen batzuk aurreko batean), baina artikuluaren irudia ikusi bezain laster gaztelerazko esaldi batez gogoratu naiz: “de aquellos fangos estos lodos”.

Aquellos fangos, zehazki, AHTa eta autobus geltoki berria Atotxan (kalzadorearekin) sartzekoa erabakia izan zen, nire ustez, logika ororen kontra zihoan hautua. Loiolako Erribera askoz leku aproposagoa da, bai mugikortasun arrazoiengatik (topoa, renfe eta autobideak bat egiten duten puntua izanik) bai eta espazio arrazoiengatik ere. Arazoa nagusia da Riberas Donostiatik oso urruti dagoela; Donostia, denok dakigun bezala, laugarren zubian amaitzen delako.
Estos lodos, bitartean, 3 geltokiko adar txatxu hori da. Oso begibistakoa iruditzen zait okurrentzia berri honek agerian uzten duen inprobisazioa eta planeamendu eza. Herenegun konturatuko ziren, akaso, AHTa eta autobusak Atotxan geratuko badira, metroa edo denadelako zera hori ere hortik pasa beharko dela. Norbaitek, orduan, luzatzeko inolako aukerarik ez duen adartxo hori marraztuko zuen serbileta batean, Gehryk Guggenheima imaginatu zuen modu berean, baina serie B estiloan.
Halakoak irakurritakoan, ezinbestean datorkit burura The Simpsons-en Mono-Rail atal famatua: … Mono Ra… ouch!
http://berriketan.info/betono/activity/7245
Unai Fdz. de Betoño-k 2010/12/28-n
18:53-etan publikatua